Saltar navegación e ir a contenido. Tecla rápida 1

Prentsaurrekoak [Argazki Galeria]

Zerrenda Osoa

DUR&GO CLIMBING MASTERRA LANDAKO GUNEAN EGINGO DA IRAILAREN 7TIK 13RA

Data: 04/09/2009

Landako Gunea da 2009ko Climbing Masterraren egoitza berria. Mundu mailako eskalada-lehiaketa hau irailaren 7tik 13ra bitarteko astean egingo da erabilera anitzeko pabilioian eta Durangoko Landako Parkean. Bertan, berrikuntza, partaidetza, ikuskizuna eta zirrara izango dira nagusi, norgehiagoka-modu ezinago berritzaileei esker, hala nola, blokeko nazioarteko espezialista nagusiek boulderrean jokatuko dituzten desafioak edo publiko guztiei zuzendutako Herri Block izeneko eskalada-jai aparta.
Diman jokatutako Climbing Masterraren aurreko lau edizioek kirol modalitate honen Estatuko eta munduko erreferentzia bilakatu dute lehiaketa hau, eskaladaren inguruko jarduera anitzez osatutako programa horiez gozatzeko aukera izan duten milaka lagunen partaidetzari esker.
Bosgarren edizioa Dimatik Durangora eramateak izendapen berri baten sorrera eragin du, aurrekoa baino orokorragoa: Dur&Go. Honetatik eratorritakoak dira gainerako norgehiagoken izendapenak: Climb&Go (Nazioarteko Masterra); Block&Go (Blokeko Masterrak); Herri Block (blokeko herrikoia).
Errokodromo ikusgarria
Alde batetik, Landako Gunea pabilioian, Boulderreko probak egingo dira, Block&Go eta Herriblok modalitateak uztartuz; eta Walltopia enpresak aldameneko parkean IFSCeko arautegia betez ezarri duen errokodromoan zailtasuneko probak antolatuko dira.
Errokodroma hau, Estatuan inoiz ezarri den egiturarik ikusgarri eta maila teknikorik handienetakoa da, 16 metroko altuera, oinarrian 12 metroko zabalera eta 15 metroko gehienezko zabalera dituena, hau da, eskalatzeko 120 m2ko azalera, 125-135º tarteko batez besteko makurduraz.
Landako pabilioiaren barruan, 4 Boulder-egitura eta haurrentzako eremu bat ezarri dira, eta horietan guztietan, 33 bloke antolatuko dira zaletuek Herriblokaz gozatzeko aukera izan dezaten. Boulderreko proba hauek Dur&Go-n parte hartu behar duten eskalatzaile guztiek diseinatu dituzte.
Dur&Go Climbing Masterrak 8.000 m2 inguru izango ditu guztira kirol-eskaladako probak egiteko.
Zailtasuneko Masterra ostiralean eta larunbatean jokatuko da, bi zatitan banatuta. Alde batetik, Dur&Go Climbing Masterreko sailkapen-saioa egingo da, eta bertan, Estatuko eliteko eskalatzaile gonbidatuak aurrez aurre neurtuko dira Masterra jokatuko duten kideen zerrenda osatzeko asmoz. Bi bide paralelotan, gonbidatuek kronometroaren presioaren azpian eskalatu beharko dute. Hurrengo egunean, larunbata, irailak 12, sailkapeneko lehenengo seiek norgehiagokan jardungo dute Climbing Masterreko programako proba nagusian, Climb&Go delakoan. Lehiaketa eta ikuskizuna bermatuta daude munduko eskalatzaile onenen eskutik.
Block Masterrean, gonbidatutako eliteko 12 kirolarik parte hartuko dute, zazpi mutilek eta bost neskak, eta aldez aurretik, problema bat diseinatuko dute besteek ezer jakin gabe, argitzen saia daitezen. Norgehiagoka-era honek ezbairik gabeko arrakasta lortu du zaletuen artean, eta halaxe egiaztatu ahal izan zen 2008ko edizioko estreinaldian.
Herriblok izeneko eskalada-proba herrikoian aurretiaz izena eman duten guztiek parte hartu ahal izango dute. Aurreko edizioan, probaren izaera herrikoi eta informalaren eraginez lortu zen arrakasta handiaren ondoren, aurten, 500 izen-emate baino gehiago lortzea aurreikusi da. Azkenik, Dur&Go-ren programaren barruan, Euskal Mendizale Federakundeak Euskadiko Kirol-Eskalada Txapelketa antolatu du.
Dur&Go 09 Kirol Eskaladaren Nazioarteko Masterrerako sarrerak salgai daude jadanik www.ticketmaster.es webgunean, eta bertan, 15 euroko prezioan eros daitezke norgehiagoketarako abonuak. Hauek www.landakogunea.com eta www.durangomaster.com webguneetan zehaztutako saltokietan ere lor daitezke. Jardunaldien programa zehatza ere aipatutako webgune horietan eskuratu ahal izango da.


Zerrenda Osoa